viernes, 22 de octubre de 2010

Venezuelako Enbaxadorea EHUn


Julian Isaias Rodriguez

        Atzo, urriak 21, Venezuelako enbaxadorea, Julian Isaias Rodriguez, Euskal Herriko Unibertsitatean izan zen hitzaldi bat ematen; zehazki Leioako kanpusean. Hitzordua, eguerdiko 12etan zen, zientzia eta teknologien fakultateko paraninfoan. Jendea ordua baino lehen hasi zen bertara hurbiltzen eta 12ak jo zutenerako aretoa beteta zegoen; guztiak enbaxadorearen hitzak entzuteko zain, papera eta boligrafoa esku artean zituztela.

Honela, Euskal Herriko Unibertsitateko bi ordezkarik euren interbentzioa egin eta enbaxadorea aurkeztu ostean, azken honek hartu zuen hitza, “La otra historia de la independencia” deituriko hitzaldiari hasiera emateko.

Hitzaldi guztian zehar azpimarratu zuena esanaz hasi zuen hitzaldia; bera, independentziaren benetako historia kontatzera zetorrela eta ez bertsio ofizialek zabaldu dutena. Historia, garaileek idatzia izaki, beti garaitua zapaldu eta honen izena zikintzeko baliatzen baita. Beraz, Amerikaren benetako historia kontatu zuen atzo Julian Isaias Rodriguezek, eta horren barruan Venezuelari zegokion zatia.

Europarentzat Amerika lurralde ezezaguna zen aurkitu zuenean eta bertan bere intereseko hainbat mineral baliotsu, lur asko eta hau lantzeko eskulan merkea aurkitu zituen. Beraz, inorenak ez balira bezela hartu zituen lurrok berarentzat; enbaxadorearen hitzetan “tierras de nadie”. Honela, esklabutza ekarri zuen Amerikara; lehenik bertako indigenekin saiatu zen baina haiek ihes egin zietenez, Afrikatik jendea ekartzen hasi zen; honela, esklabotza kolore beltzarekin lotuz. Honekin bat etorri zen feudalismoa Amerikara, eta nola ez, Venezuelara.

Egoera horri orain dela 200 urte eman zitzaion buelta independentzia aldarrikatuz; baina enbaxadorearen hitzetan “Europarengandik independizatu ginen, baina Europako erara”. Orduz geroztik ari dira hori apurtu eta euren herrialdea euren erara antolatu nahian.

Ildo honi jarraika luze jo zuen hitzaldiak eta amaieran izan zen publikoaren galderentzako tartea ere; zenbaitek ondo aprobetxatu zutena.

Amaitzeko, hitzaldi guztia bi hitzetan laburtzekotan, enbaxadoreak etengabe ahotan izan zituetan bi hitzak aipatu behar dira, “progreso y resistencia”, hau da, garapena eta erresistentzia. Amerikaren independentziaren benetako historiari izenburua jartzekotan horra hor bi hitzak.

Tony Blair-i botatako zapatak

BBC-ren bideoa



RT-ren bideoa



Bi bideo hauek behin baino gehiagotan ikusi ostean, geroz eta nabarmenagoa da batetik bestera dagoen aldea eta kontatzen dutena. Adibide argi bat dugu, ikusteko gertaera bera nola kontatu eta ulertu liteken bi modu erabat ezberdinetan.

BBC-ren bideoa askoz leunagoa da; plano suabeagoak erabiltzen ditu eta irudiekin baino gehiago kontatzen du hitzekin. Horrek, beti ere, indarra kentzen die gertaerei. Gainera, zapatarik ez agertzeak are gehiago indargabetzen du informazioa, azken finean, zapata da funtsezko elementua gertaera honetan.

RT-k berriz, aurkakoa egin du; hitzak kendu eta irudiekin azaldu du dena; bai behintzat bera azaldu nahi zuena. Askoz irudi eta plano gogorragoak erabiltzen ditu eta zapatari izugarrizko garrantzia ematen dio, segundo batzuetako plano oso bat emanaz. Gainera, eraikinaren barruko irudiak emateak, are gehiago kokatzen gaitu gertaeran.

Azkenik, bi bideoek kontatzen digutenaren artean beste ezberdintasun bat dago: poliziaren jokaerari buruz ematen duten irudia. BBC-ren bideoan, polizia defenditzen soilik ikus dezakegu, manifestariei eusten, azken hauek kontrolaezinak balira bezala. RT-k berriz, aurkako irudia ematen du eta poliziak etengabe manifestariak jotzen eta hauei aurka egiten agertzen dira.

viernes, 8 de octubre de 2010

PROMETEUS - Teknologia berrien iraultza


Bideo Honen arabera teknologia berriak izugarrizko abiadan doaz aurrera, edo hobeki esanda, daramatzagu. Pertsonak baikara gure nahieretara erabiltzen ditugunak eta beste metodo tradizionalei bizkarra emanaz teknologia berriak hautatzen ditugunak. Esan liteke, gure kasuan, sarri ez dugula hautatzerik izan, teknologia berrien iraultza horrek bete betean harrapatu baikaitu. Hala ere, hautaketa horren adibide gisa jarriko nuke, ea gutako zenbatek irakurtzen duten egunkaria paperezko edizioan eta zenbatek edizio digitalean; hori, zenbatek irakurtzen duten eta zenbatek ez bereizketa egiteak beldurra ematen didalako.

XIX. mende amaieran hasiriko iraultza bere puntu gorenera heltzeko zorian dagoela dio bideoak; egungo bizitzaren eremu guztiak biltzen dituela internetek, sareak. Are gehiago, bizitza bera ere biltzen du, Second Life-a da horren adibide garbiena. Norbaitek nahi badu, sarean bizi liteke, bertan egin lagunak, bertan jolastu, bertan lan egin, bertan erosi bizitza errealean ezinezko zaion autoa, etab. Hala ere, oraindik pertsonak pertsona izaten jarraitzen du eta internetek ezin dio jan eta edatekorik eman. Beraz, ahal den eta neurri txikienean bada ere, ez zaio mundu errealean bizitzea beste erremediorik geratzen.

2015. urtea jartzen du erabateko garaipenaren urte gisa; telebista, irrati eta paperezko egunkariak desagertuko diren urtea, guztia interneten egongo baita. Pertsona bera izango da ekoizle eta kontsumitzailea eta denok izango omen dugu gure hondar alea bertan uzteko aukera. Hala ere, nik badut beldur bat, orain arteko arlo horiek guztiak eremu soil batean biltzeak, jabe bakar bat izatera eramango baititu, ideologia bakar bat eta nagusi bakar bat, dena kontrolatuko duena; eta gure hondar ale horiek ere bere iragazkitik pasako dira.

Honenbestez, bideoak dioenarekin nahiko ados nagoela azpimarratu nahi nuke. Nahiz eta ez dakidan ziur data horietan gertatuko den eta nola gertatuko den, sareari ez zaio asko falta guztiaren jabe izateko. Gainera, ematen duenez, soru zutenean "sare" izena jarri ziotenerako helburua finkatuta zuten eta abiada honetan lortu egingo dute gu sarean harrapatzea.


Bideoa ikusteko: www.youtube.com