viernes, 8 de octubre de 2010

PROMETEUS - Teknologia berrien iraultza


Bideo Honen arabera teknologia berriak izugarrizko abiadan doaz aurrera, edo hobeki esanda, daramatzagu. Pertsonak baikara gure nahieretara erabiltzen ditugunak eta beste metodo tradizionalei bizkarra emanaz teknologia berriak hautatzen ditugunak. Esan liteke, gure kasuan, sarri ez dugula hautatzerik izan, teknologia berrien iraultza horrek bete betean harrapatu baikaitu. Hala ere, hautaketa horren adibide gisa jarriko nuke, ea gutako zenbatek irakurtzen duten egunkaria paperezko edizioan eta zenbatek edizio digitalean; hori, zenbatek irakurtzen duten eta zenbatek ez bereizketa egiteak beldurra ematen didalako.

XIX. mende amaieran hasiriko iraultza bere puntu gorenera heltzeko zorian dagoela dio bideoak; egungo bizitzaren eremu guztiak biltzen dituela internetek, sareak. Are gehiago, bizitza bera ere biltzen du, Second Life-a da horren adibide garbiena. Norbaitek nahi badu, sarean bizi liteke, bertan egin lagunak, bertan jolastu, bertan lan egin, bertan erosi bizitza errealean ezinezko zaion autoa, etab. Hala ere, oraindik pertsonak pertsona izaten jarraitzen du eta internetek ezin dio jan eta edatekorik eman. Beraz, ahal den eta neurri txikienean bada ere, ez zaio mundu errealean bizitzea beste erremediorik geratzen.

2015. urtea jartzen du erabateko garaipenaren urte gisa; telebista, irrati eta paperezko egunkariak desagertuko diren urtea, guztia interneten egongo baita. Pertsona bera izango da ekoizle eta kontsumitzailea eta denok izango omen dugu gure hondar alea bertan uzteko aukera. Hala ere, nik badut beldur bat, orain arteko arlo horiek guztiak eremu soil batean biltzeak, jabe bakar bat izatera eramango baititu, ideologia bakar bat eta nagusi bakar bat, dena kontrolatuko duena; eta gure hondar ale horiek ere bere iragazkitik pasako dira.

Honenbestez, bideoak dioenarekin nahiko ados nagoela azpimarratu nahi nuke. Nahiz eta ez dakidan ziur data horietan gertatuko den eta nola gertatuko den, sareari ez zaio asko falta guztiaren jabe izateko. Gainera, ematen duenez, soru zutenean "sare" izena jarri ziotenerako helburua finkatuta zuten eta abiada honetan lortu egingo dute gu sarean harrapatzea.


Bideoa ikusteko: www.youtube.com

No hay comentarios:

Publicar un comentario